A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z #

Kortatu

CD

1983. urtean abiatu zen 80ko hamarkadako euskal rockak eman zuen talderik ezagunenetariko baten ibilbidea. Fermin Muguruzak (gitarra eta ahots nagusia), Iñigo Muguruzak (baxua eta koruak) eta Javier Armendariz Treku-k (bateria) osatu zuten taldea, Irunen (Gipuzkoa). Dibertsioa eta aldarrikapena nahastu zituzten abestien hitzetan, ska-punk, rock eta rap doinuak jorratuz. Estudioko hiru disko, zenbait single, EP bat eta taldearen testamentua den Azken guda dantza (1988) zuzeneko diskoa kaleratu zituzten. Gaztelaniaz abesten hasi, eta gero euskaraz aritu ziren. Taldeak iraun zuen lau urte eskasetan 280 emanaldi egin zituen.

1983. urtean sortu zen Kortatu hirukoa, Irunen: Fermin Muguruza (gitarra eta ahots nagusia), Iñigo Muguruza (baxua eta koruak) eta Mattin Sorzabalbere (bateria) izan ziren lehen taldekideak. Iñigo Desband izeneko talde batean aritu zen lehenago, eta Mattin, berriz, Anti-Regimen taldeko baxu jotzailea izan zen, eta urte batzuk geroago Baldin Badan joko zuen bateria. Handik denbora gutxira, Mattinek taldea utzi eta Javier Armendariz Treku sartu zen. Cremental taldean ariturikoa zen Treku, bateria jotzen. Ez zen beste taldekide aldaketarik izan.

Kortaturen ibilbidea ziztu bizikoa izan zen hasieratik. Lehen zuzenekoetan erakutsi zuen taldeak zer egin zezakeen, eta lehen maketak berretsi zuen. Irungo bandak prestatutako musika koktela eztanda egiteko prest zegoen, eta, maketa horretan, etorkizunean zer esan handia emango zuen talde baten lehen kolpekadak sumatzen ziren. Sei kantuz osaturiko maketa bat zen, Baldin Badaren entsegu lokalean grabatua, Baldin Badako abeslari Pablo Susperregi Katu-rekin. Hiru bertsio zeuden maketan: "Hay algo aquí que va mal" (The Specials), "Mierda de ciudad" (The Businness) eta "Jimmy Jazz" (The Clash). Haiekin batera, "El ultimo ska de Manolo Rastamán", "Sospechosos" eta "Nicaragua sandinista"-k osatu zuten Kortaturen lehen grabazioa.

Kortatu zuzenekoetan nabarmentzen hasi zen, eta Marino Goñik, Soñua diskoetxeko arduradunak, Kontuz Hi!, Jotakie eta Cicatriz taldeekin batera disko bat grabatzeko gonbita egin zion taldeari. Maketako hiru kantu erabili zituzten disko horretarako, eta, Cicatrizekin batera, disko horretako talderik entzutetsuena izan zen. Lehen diskoa grabatzeko prest zen Kortatu, eta laster iritsiko zitzaion aukera.

Taldearen izen bera eraman zuen lehen diskoak (Soñua, 1985), eta berrikuntzak ekarri zituen Kortaturen musikan. Aurreko ibilbidean sakontzen bazuen ere, baziren dagoeneko erreferentzia berriak Kortaturen unibertsoan. Giro festazaleak eta aldarrikatzaileak tartekatu ziren disko horretan, eta arrakasta itzela izan zuen. Musikalki ska erritmoek presentzia nabarmena zuten, baina rock oldarkorragoa ere sortzen hasia zen hirukotea ordurako. Hitzetan, berriz, festak eta umoreak garrantzi handia bazuten ere, salaketa kantu gogorrak ere azaltzen ziren, hala nola "Hernani 15/06/84". Denborak aurrera egin ahala, politikoki jarrera argia zuten kantuak nagusitu ziren Kortaturen errepertorioan. Disko horretan dago Kortatuk euskaraz idatziriko lehen kantua ere: "Zu atrapatu arte". Kortaturen ibilbideko kantu esanguratsu asko biltzen ditu lehen LP horrek: aipatutakoez gain, "Don Vito y la revuelta del frenopático", "Tatuado" eta "Sarri Sarri" kantu ezaguna.

Aipamen berezia merezi du "Sarri Sarri"-k. Jatorrizko bertsioa, Frederick Toots Hibbert musikari jamaikarrak sortu zuen, "Chatty, chatty" izenpean. Toots & The Maytalsek ezagun egin bazuen ere, Kortatuk bere egin zuen abestia, eta taldearen ereserki bihurtu. Kantu horretan, Joseba Sarrionandia Sarri eta Iñaki Pikabea Piti presoek Martuteneko espetxetik ihes egin zuten egunaren berri ematen da. Ihesa 1985eko uztailaren 7an gertatu zen, Imanol Larzabal abeslariaren kontzertua amaitzean. Hilabete batzuk lehenago, Kortatu aritu zen espetxe horretan, kontzertua egiten Barricada taldearekin. Tipula Beltza kolektiboak "Sarri Sarri"-ren bideoklipa grabatu zuen, eta lehen saria eskuratu zuen Gasteizko Bideo Musika Jaialdi sortu berrian.

Diskoak sona itzela izan zuen, eta Kortaturen emanaldi kopuruak gora egin zuen haren hein berean. Euskal Herriko mugak gainditu eta Europara atera zen taldea. Suitza, Herbehereak, Polonia eta Alemania zeharkatu zituen 1986an, eta Bartzelonan ere jo zuen, Nicaragua Rock festibalean. Ordurako kantu berriak prestatzen hasia zen, eta, aurrerapen moduan, A la calle EPa karrikaratu zuen Soñuak, hiru kanturekin: "Hay algo aquí que va mal", "A la calle" eta lehen diskoko "Desmond Tutu" kantuaren dub moldaketa, "Desmond Dub". Gurean aitzindaria izan zen Kortatu horrelako giroak saiatzen.

El estado de las cosas diskoak (Soñua, 1986) Kortatu helduago bat ekarri zuen, onduagoa. Garai hartako gizarteak baldintzaturiko erreferentzia ugari sumatzen ziren bigarren disko horretan. Diskoaren azala ikusi besterik ez zegoen. Hitzak gogortu egin ziren, eta mezu sakonak helarazi zituzten. Lankidetza ugari izan zituzten afera horretarako, Mikel Albisu ("Aizkolari" eta "9 zulo") eta Josu Landa ("Jaungoikoa eta lege zarra") tartean. "Esto no es el oeste, pero aquí tambien hay tiros (A Billy the Kid)" kantuaren hitzak, esaterako, Ramon J. Sender idazlearen El bandido adolescente liburutik atera zituzten. "Hotel Monbar" kantuan, GALeko mertzenarioek euskal errefuxiatuen kontra Baionan egindako atentatuari buruzkoan, eta "La línea del frente" kantuaren hitzetan agertzen zen Kortaturen alderdirik borrokalariena.

Musika aldetik ere, ska alai eta festazalerik ez zen kasik, eta rock borrokalari edo combat rock delakora jo zuen taldea. Xabier Montoia (M-ak) izan zuten lagun ahotsetan, eta Jabier Muguruza anaiaren akordeoia ere entzun zen lan horretan. Diseinu lanak Manolo Gil nafarraren sinadura zuen, zeinak Kortaturekin harreman estua izango zuen urteek aurrera egin ahala. Kortaturen gitarrek ez zuten balarik jaurtikitzen, baino aski ongi zekiten non jarria zuten begi-puntuaren xedea.

Kortaturen izena estu lotua izan zen herri mugimenduaren borrokari. Ugariak izan ziren taldeak hainbat aldarrikapenen inguruan egindako kontzertuak. NATOren kontra, errefuxiatuen sostenguan, Leitzarango autobidearen kontra, irrati libreen alde (Hala Bedi irratiak diskoa atera zuen Kortaturen zuzeneko kontzertu batekin) eta soldadutzaren kontra, besteak beste. Martxa eta Borroka kanpainaren festibaletan ohikoa izan zen hirukoaren izena, eta Rock Radical Vasco mugimenduaren ikurtzat jo zituzten. Taldeak argitaratu zituen zenbait single elkartasun ekimenetarako izan ziren: El Salvadorko Radio Farabundo Marti edo Palestinaren alde. Bide horretan, Amnistiaren Aldeko Batzordeekin elkarlanean, Gernika 37-87 singlea kaleratu zuen 1987an.

Kortaturen sorreratik, euskara hutsean disko bat egiteko nahia eta konpromisoa agertu zuten taldekideek. Horretarako, Fermin eta Iñigo anaiek denboraldi luzeak eman zituzten Gazteluko barnetegian (Gipuzkoa) euskara ikasten eta hurrengo diskorako hitzak sortzen. Kolpez kolpe (Oihuka, 1988) diskoan hitza bete zuten Muguruzatarrek.

Kolpez kolpe-n, ordura arte jorratu gabeko doinuak agertzen dira lehenbizikoz Kortaturen melodietan. Urteen joan-etorrian, taldekideen musika ezagutza zabaldu egin zen, eta erritmo berriak agertu ziren estudioko azken diskoan. "AEKko beteranoak" kantuak gordetzen dituen doinu raperoetatik "Platinozko sudurrak"-en triki-folkera, "Makurtu gabe"-ko gitarra zorrotz eta "Zutik" kantuaren metal kutsura. M-ak taldearen "Ehun ginen" kantuaren moldaketan, luxuzko gonbidatua izan zuten ahotsetan lagun: Mikel Laboa. 1988ko martxoan grabatu zen diskoa, Amasako IZ estudioan, Kaki Arkarazo soinu teknikariarekin. Handik denbora gutxira, Kaki taldeko laugarren kide bilakatu zen, eta Kortatu desegin eta gero talde berri bat sortu zuen Muguruza anaiekin: Negu Gorriak.

Kolpez kolpe-ren aurkezpen kontzertuetan taldearen soinua indartzeko hasi zen Kaki Arkarazo Kortaturekin gitarra jotzen (artean M-ak taldeko kidea zen). Kakirekin gitarrak pisu handiagoa hartu zuen Kortatun, eta, bide batez, Fermin askeago ibili zen mikrofonoan. Era berean, geroago Muguruzatarren musikan garrantzi nabarmena hartuko zuten sanpler eta doinu pregrabatuen erabileran sakontzen hasi ziren. Laukoteak hilabete inguruko bira egin zuen Europan zehar, betiko agur esan aurretik.

Agurreko kontzertua Iruñeko Anaitasuna kiroldegian jo zuten, 1988ko urriaren 1ean. Kontzertua antolatzeak lan handia ekarri zuen, zuzeneko diskoa grabatu behar baitzen. Delirium Tremens taldeak ireki zuen kontzertua, eta, ondoren, Kortatuk bere hiru diskoen errepasoa egin zuen, beste hainbat musikariz lagunduta: pilotariz jantziriko haize atala -Josetxo Silguero (saxofoia), Jose Mari Dorronsoro eta Jose Javier Gomez de Segura (tronpeta) eta Juan Antonio Diez (tronboia)-, Jabier Muguruza (akordeoia) eta Anjel Valdes (perkusioa). Ahotsetan, Xabier Montoia eta Mikel Insausti (Covers, Lusty Men, Big Crunch) aritu ziren gonbidatu gisa.

Guztira, 26 kantu jaso zituen Azken guda dantza zuzeneko disko bikoitzak (Nola, 1988). "Kolpez kolpe" kantuan, jendearen oihuak estali zituen zentsurak, baina urte batzuk geroago, Esan Ozenki diskoetxeak diskoa berrargitaratu zuen, txistu hotsak kenduta. AEBetako Maximum Rock&Roll aldizkariak inoiz grabaturiko zuzeneko disko onenen artean aukeratu zuen.

Kortatuk izan zuen sona ukaezina da. Musika aldetik, garapen izugarria izan zuen taldeak, musika tresnen teknika menderatzen ikasi ahala eremu berrietara eramanez melodiak eta erritmoak. Baina batez ere abestien hitzengatik nabarmendu zen. Lehen urteetako umorea eta alaitasuna (jaiak bai, borroka ere bai leloari estu loturik) eta salaketa kantuak izan zituzten ardatz, garai bateko soinu banda bilakatuz.

Aipatzekoa da Muguruza anaien komikizaletasuna. Kortaturen kantu zerrendan nabariak dira komikien munduari egindako keinuak, batez ere taldearen lehen garaietan. Komiki batzuetako pasarteak hitzak egiteko erabili zituzten, eta, beste kantu batzuetan, marrazkilari eta pertsonaien aipamena egin zuten: "La cultura" (Robert Crumb), "Mr Snoid entre sus amigos los humanos" (Makokiren komiki batean oinarriturik), "Nivel 30" (Stefano Tamburini marrazkilariaren aipamena dago)... Halaber, maketaren azalean eta diskoetako zenbait iruditan ere ageri da zaletasun hori; irudi horietako asko Iñigo Muguruzak egindako marrazkiak ziren.

Gurean ez ezik, atzerrian ere oihartzuna lortu zuen Kortatuk. Europan egindako biretan irabazitako ospeari esker, Kortaturen diskoak gure mugetatik kanpo zabaldu ziren. Ingalaterrako Red Rhino diskoetxeak Kortatu. A frontline compilation (1988) kaleratu zuen, lehen bi diskoetako kantuen bilduma. Frantzian, Bondage banatzaileak taldearen diskoak berrargitaratu -maiz bestelako diseinu batekin- eta zabaldu zituen bere katalogoan. Halaber, Europako bidaietan hainbat talde ezagutu eta adiskide egin zituen hirukoteak: Banda Bassotti Italian, Ludwig Von 88 eta Beurier Noir Frantzian... Latinoamerikako hainbat lurraldetan ere kultuko taldea da Kortatu: Argentina, Mexiko, Txile... baita Nikaragua ere, non "Nicaragua sandinista" kantua ereserki bilakatu zen gazte iraultzaileentzat. Diskoen banaketa ofizialik ezean, eskuz esku kopiaturiko kaseteetan zabaldu zen Kortaturen musika herrialdeotan.

Ugari dira, halaber, Kortaturen bertsioak egin dituzten taldeak: Boikot (Madril), Banda Bassotti (Italia), Betagarri, Nucleo Terco (Madril), Fallas del Sistema (Mexiko), Salida Nula (Madril), Espías Secretos (Argentina), Kolcana Soviet (Kolonbia), Albert Fish (Portugal).... Are gehiago, Kortaturen kantuak bakarrik jotzeko sortu zen Zutik taldea. Estatu Batuetako Cochebomba Records zigiluak Tributo a Kortatu disko bilduma kaleratu zuen, Peru, Mexiko, Kolonbia, Puerto Rico, Txile, Brasil eta Argentinako musika talde batzuekin.

Egun, taldea desegin eta 20 urte igaro direnean, Kortaturen musikak bizi-bizirik dirau.

Testua: Koldo Otamendi