Esan Ozenki



Hamarkada miragarria

Salbuespenak salbuespen, arrakasta handia izan duten taldeetako partaideek zailtasun handiak topatu ohi dituzte bakarlari lanetan hasten direnean. Kazetariok, eta horretan salbuespenik ez da, ospea eman zion taldea ekartzen diogulako gogora (behin eta berriz) bakarlari lanetan hasi den horri. Behin, prentsaurreko batean, antzekorik bota zuen egoera horretan zen kantari batek: “hildako baten aurrean, beti aterako zara galtzaile”. Eta hildakoak ospe handia erdietsi badu gainera, ba pentsa... Bitxia, ezta? Arrakasta eman zion taldea zen itzal handien egiten ziona. Ez da berria. Esan dut. Maiz eman da antzeko fenomenorik.

Uste dut adibide argigarria izan daitekeela lerro hauetan adierazi nahi dudana abiatzeko. Izan ere, noizbait hasi beharko dugu 90eko hamarkadak eman zuena goresten. 80koa jainkotu dugu hainbeste, ezen oraindik ez diogula 90ekoari duen garrantzia eman. Susmo hori daukat. Oraindik orain, ozenegia baita Kortatu, La Polla, Cicatriz, Eskorbuto, Rip, Itoiz, Hertzainak eta garaikide izan zituzten talde horien oihartzuna. Baina 90eko adarrartean murgiltzen bagara, funtsezkoak diren erreferentziak aurkituko ditugu.

Izen asko aipatu gabe uzteko arriskua hartu arren, gogora ekar ditzaket hemen eta orain Bap!!-en bigarren garaia, Gari Anari Xabier Montoia Dut Ama Say edota Kashbaden loraldia, Pilt Berri Txarrak edota Zea Maysen sorrera, Betagarri Su Ta Gar Etsaiak Anestesia edota EH Sukarraren ibilbideak eta, nola ez, Negu Gorriaken ekarpena. Seguru izen garrantzitsu batzuk utzi ditudala itzalean. Zerrenda denak dira bidegabeak. Baina ukaezina dena zera da: 90eko hamarkadako euskal rock musika ulertzeko, Negu Gorriak ekidin ezin den erreferentzia dela. Ezinbestekoa. Eta ezinbestekoa diodanean, zentzurik zabalenean diot. Negu Gorriakek eman zuena haratago doalako.

Taldea bera bezain esanguratsua izan zen Negu Gorriaken eskutik abiatu zen zigilua: Esan Ozenki Records. 90eko talde eta mugimendu interesgarri askoren aterpe izan zen. Are gehiago. Nazioarteko mugak gainditzen asmatu zuen. Beste inork ez bezala. Multinazionalen aterkitik at, promozioa eta banaketa izan ohi ziren arazorik handienak. Baina mundura zabaltzeko beste bide batzuk urratu zituen Irungo diskoetxeak. Eredu bihurtu arte. Hala ere, ezin dugu baztertu aipatu berri dudana: Negu Gorriak izan zela giltzarri nagusia. Euskaraz egindako rock and rolla munduko txoko askotara iritsi zen. Eta Negu Gorriaken kasuan, arrakastaren haritik. Eta independentziaren bidetik. Hori gutxi balitz, eskuzabal jokatu zuten. Euren zilborrari begira egon ordez, Negu Gorriakeko kideak Esan Ozenkiren hauspoa izan ziren.

Orain, Internet sarean aukera asko ditugu hango eta hemengo musikak ezagutu eta eskuratzeko. Baina 90eko hamarkadan, zigilu independente batek ahalegin handia egin behar zuen disko dendetara iristeko. Eta nazioartean, zer esanik ez. Dena den, Esan Ozenkik bazuen gauza on bat bere alde: Negu Gorriak gustukoa zela munduko musika mugimendu alternatibo askotan. Doinuak eta mezuak elkar asmatzen dutenean, ez dago kantu hori geldiaraziko duenik. Eta arrakasta hori baliatuz, Esan Ozenkiren gainontzeko erreferentziak ere zabaldu ziren han eta hemen. Eskola egin zuen, gainera. Esan Ozenkiren klonak sortu ziren Italian (Gridalo Forte), Venezuelan (Dilo Alto), Mexikon (Discos Armados), Argentinan (Todos Tus Muertos Records), Suitzan (Label)...

Eskuzabal jokatzen duenak, laster ala berandu, hurbilenekoen zein urrutikoen berotasuna jaso ohi du. “Ustelkeria” kantuaren aitzakiarekin, epaitegira eraman zituzten Negu Gorriakeko kideak. Adierazpen askatasuna jokoan zen baina elkartasun zaparrada itzela izan zen. Eta denbora luzez gogoratzeko moduko ekitaldia ekarri zuen: “Hitz egin!” jaialdia Oiartzunen. Hori ere, 90eko hamarkadan izan zen.

Beste lorpen batzuk atxiki behar zaizkio Esan Ozenkiri. Fidagarritasuna eta sinesgarritasuna, besteak beste. Disko dendara joan eta disko batek Esan Ozenkiren logotipoa bazuen, askok erosi egiten zuten. Nahikoa zuten horrekin. Balekoa zitzaien. Aurretik talde horren erreferentziarik izan gabe, logotipo hori bazuen ipurdian, disko hori erosteko zalantzarik ez zuten izaten. Baina gauzak nola diren. Egun hauetan katalogoari erreparatu diot eta uste dut oso ezberdinak direla Esan Ozenkiren baitan dauden proposamenak. Zentzu artistikoan, estetikoan... Baina esan berri dut, fidagarria eta sinesgarria zen Esan Ozenki Records marka. Eta hori, oso zaila da lortzea. Azken batean, zer batzen ditu Esan Ozenkiko diskoak? Zer dago sinesgarritasun edo fidagarritasun horren atzean? Ba egiteko modu bat. Izateko modu bat. Sentitzeko modu bat.

Antzekorik aipa daiteke Gora Herriak! azpi-zigiluaren baitan argitaratu ziren erreferentzien kasuan edota gerora Metak zein Kontrakalean-en bidez plazaratu ziren diskoen kasuan.

Eskuartean duzuna lagin moduko bat da. Ez daude denak. Ados. Baina daudenak badira. Aupa Esan Ozenki! Gora 90eko hamarkada!

Imanol Ubeda

una aventura de producción discográfica independiente que marcó una época, pero que sobre todo, cambió nuestras vidas

Fermin Muguruza
[Músico, productor musical  y documentalista, director de Esan Ozenki]

Gehiago irakurri... esteka