Negu Gorriak Esan Ozenki, bidaide (2001)
Iritsi da unea, zenbait gauza hasiera bat izan eta amaierara iritsi ohi dira, beste batzuek aldiz euren burua eraldatu ohi dute. Negu Gorriak zein Esan Ozenki disketxeak bi faktoreon arteko metaketa den emaria izan dute. Negu Gorriak, orain bai, esan dezakegu Galindorekin afera amaitu den honetan eta Donostia zein Baionako kontzertuak igaro ostean bere ibilbidea betirako etengo duela, beste hainbat projektuetan zabaldu zela, Fermin Muguruzak hainbat talderekin eginiko elkarlana eta ondorengo bakarkako projektua, Iñigok Joxe Ripiaurekin eginiko ibilbidea amaitu eta aurki ezagutuko dugun Sagarroi taldea, Mikel Kazalisek Anestesia ezaguna eta 2 Kate egitasmoarekin, Mikel Abregok Anari, Parafünk, Fermin Muguruza Dub Manifest eta Kutxa Beltza bideolanarentzako konposaturiko soinu bandarekin besteak beste, eta Kaki Arkarazo, Nacion Reixaz gain hainbat eta hainbat diskotan kolaborazioak zein ekoizle eta teknikari lanak egina dena.
Esan Ozenki Records-ek ere izan du bere ibilaldi mardula bai. 10 urtekoa hain zuzen ere. Hamar urte zeinetan, Negu Gorriak sorturiko diskoetxeak, euskal talde askoren estraineko lanak argitaratu diren, hamar urte non euskal taldeen kezkak bai Euskal Herrian zein munduko beste herri askotara zabaldu baitiren. Hamar urte finean euskal musikaren atal batek eskaintzeko zuena azaleratzen, hamar urte lanean, independentzian, autogestioaz. Baino ez da hau izan gure jarduera bakarra, euskal musika munduratu badugu, mundu zabaleko taldeak ere euskalerriratu ditugu, Gora Herriak izan da bozgorailua, Gora Herriak izan da Esan Ozenki Records zigiluaren beso internazionalista, besoa baino, gorputza osatzen zuen beste erdia. Honi ere iritsi zaio zikloaren amaiera ordea, eta aldaketa hutsa izan ez dadin irauli ere egin behar da, ikasitakoa bertan da, baina bigarren aro bat irekitzen da gurean, Esan Ozenki Records kaian geratuko da atrakatuta, jarduera etengo baitu baina bizirik izango da, betirako.
Gu, Esan Ozenki disketxearen eskifaia, berriz itsasoratuko gara izen eta identitate berri batekin, eta Esan Ozenki Records-ek egin duten lana zabaltzeaz gain ekoizpen berriak agertuko dizkizuen disketxe berria datozen hilabeteotan, aurrerago aurkeztuko dizuegu.