A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z #

Lin Ton Taun

Lin Ton Taun
CD

Zestoako (Gipuzkoa) seikotea lehena izan zen euskaraz trikia eta rocka nahasten. Horrekin lortu zuen 90eko hamarkadako talderik arrakastatsuenetakoa izatea. Gerora, bestelako rock moldeetara eboluzionatzen joan zen, trikia eta rap-a alboratuta; horren erakusle dira kaleratutako lau diskoetatik azkeneko biak. Taldeak zeresan handia eman zuen, besteak beste, Espainiako Dro diskoetxearekin diskoak euskarazko eta gaztelaniazko bertsioetan kaleratzeko egindako kontratuarengatik.

1992. urtean, Eneko Iribar (bateria), Jon Rezabal Munatxo (panderoa eta ahotsa), Bitor Tena Bitti (baxua), Apolinar Etxeberria Apolio (gitarra), Raul Olaizola (gitarra) eta Joseba Illarramendi (soinua eta ahotsa) entseatzen hasi ziren Zestoan, beren herrian. Munatxo eta Joseba kantuen melodiak egiten hasi, eta herriko jaietan eta gaztetxean bizpahiru kontzertu ematera ausartu ziren. Jendeak ondo hartu zituen, eta 1992ko urrian, IZ estudiora jo zuten, maketa grabatzera. Fermin Muguruzak taldearen berri izan zuen, eta estudioan azaldu zen grabatutakoa entzutera. Handik gutxira, Errenteriako (Gipuzkoa) Cine Reyna tabernan ikusi zuen taldea zuzenean, eta Saran (Lapurdi), Herri Urrats jaiaren bezperan, Negu Gorriak taldearekin jotzera gonbidatu zuen. Taldeak zuzenean erakusten zuen indarrak eta dinamismoak gogobeterik utzi zuen Muguruza -1993an 28 bat kontzertu egin zituzten, batez ere Gipuzkoan-, eta berehala proposatu zien diskoa kaleratzea, Esan Ozenki diskoetxearekin. LTT (Esan Ozenki, 1993) hamar kantuk osatu zuten; horietako bost maketan jasota zeuden, eta Imanol kantariaren "Mendian gora" kantu ezagunaren rap moldaketa nabarmendu zen, "Askatasun egarriz" eta "Zu gabe" kantuekin batera.

Diskoak oso harrera ona izan zuen. Soinu txikiak protagonismo handia hartzen du, kantu biziak dira, erritmo handikoak, baxu funky eta gitarra gogor samarrekin, ia heavyak batzuetan. Hitzak zuzenak eta gogorrak dira: euskararen eta herriaren alde, etsaiaren kontra... Kontzertuetan indarra eta dinamismo handia erakusten zuen taldeak.

Estreinako diskoaren arrakastak bultzatuta, berehala heldu zen bigarrena, Nola esan dek? (Esan Ozenki, 1994). Lehenengo lanaren jarraipen naturala izan zen, baina sumatu zen instrumentuak hobeto jotzen zituztela, eta soinu sendoagoa lortu zuten. Trikiak protagonismo handia zuen oraindik, baina gitarra gogorrak eta rap erritmoak areagotu zituzten. Hitzetan kritika ("Larrosaren kiratsa") eta sentimenduak ("Kea") uztartu zituzten. Bi diskoen artean jotzeari uzteko betarik ez zuten hartu, eta 1995ean, esaterako, Logroñoko (Espainia) Actual jaialdian eta Parisen Esan Ozenkik antolatutako 5. urtemugako jaian aritu ziren. Oso nekatu ziren, eta atseden luze bat hartzea erabaki zuten. Baina 1996ko irailean, bat-batean, Lin Ton Taun albiste bihurtu zen berriro: Esan Ozenki utzi eta Espainiako Warner-Dro multinazionalarekin kontratua sinatu zuten. Bost disko egitea hitzartu zuten, eta lan bakoitzaren jatorrizko bertsioa euskaraz egin arren, horren ostean gaztelaniazko bertsioa ere merkaturatuko zuten. Erabaki hori hartzeagatik hainbat kritika jaso zituzten. «Guk ez diogu ezeri uko egin, ez dugu traiziorik egin, euskaraz bizi eta sentitzen dugulako, gure aberria Euskal Herria da... Baina kanpora begira beste zerbait pentsatu beharra dago, bai musikariok, bai zinemagileok, bai idazleek. Gure kasua idazleenarekin pareka daiteke, liburua euskaraz idazten dute, eta gero gaztelaniara itzultzen da», azaldu zuten (1).

Eztabaidak alde batera utzita, Baneki argitaratu zuten (Dro, 1997), lehenengo euskaraz, eta gero gaztelaniaz. Amasako IZ estudioan grabatu zuten, eta Sergio Marcos izan zen ekoizlea, aurretik, besteak beste, Def Con Dos talde espainiarrarekin lan egindakoa. Nahasketak Madrilen egin zituzten. Izenburuan, munduaren egoera ikusita, gizakiaren norabidearen gaineko hausnarketa egin zuten. Trikiak protagonismoa galdu, eta teklatua agertu zen. Bestalde, abesteko era melodikoagoa bazen ere, gitarra gogorrak, funky ukituak eta rap-a ez zituzten baztertu. Pako Aristi idazlea alboan izan zuten "Goibelaldi" eta "Revolver" kantuen hitzak idazteko, eta baita itzulpenak egiteko ere. Bilboko Kafe Antzokian, Azkoitiko Matadeixen eta Aizoaingo (Nafarroa) Artsaia aretoan aurkezpenak egiteaz gain, Narco eta Ktulu taldeekin batera Ultimatum a la tierra biran esku hartu zuten. Hala ere, hainbat arrazoi zirela medio, lehen baino askoz kontzertu gutxiago egin zituzten.

Halako batean, 2000an Joseba abeslari eta soinu jotzaileak taldea utzi zuen, eta Munatxok ordezkatu zuen. Gero Micro kaleratu zuten (Dro, 2000). Ordurako ia bi urte ziren kontzerturik eman ez zutela, eta kantuak sortzean konturatu ziren beste ildo bat lantzen hasiak zirela. Triki-rock haien marka desagertu, eta melodietan sakondu zuten, Baneki-n ageri ziren hari konponketak areagotu zituzten eta ukitu elektronikoak eta programazioak lantzen hasi ziren. Taldekideek berek onartu zuten ordura arte egindakoarekin antzik ez zuela, baina bestelako musika entzuten ari zirela. Hitzak ere abstraktuagoak ziren, ez hain zuzenak. Baina taldeak ez zuen luzaroan iraun.

Gaur egun hiru taldekidek (Josebak, Raulek eta Bitorrek) Karelean taldean jotzen dute, eta 56. gelatik diskoa dute kalean (Gaztelupeko Hotsak, 2008).

Testua: Iker Barandiaran

(1) Euskaldunon Egunkaria, 1996ko irailaren 19a