A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z #

Deabruak Teilatuetan

CD

M-ak taldearen izen bereko kantu baten izenburua hartuta, ikastolan elkar ezagututako koadrilako lau lagunek Deabruak Teilatuetan taldea sortu zuten, 1991n, Tolosan (Gipuzkoa). Hardcorea, melodia itsaskorrak, literatura eta poesia modu dotorean jantzita, lau disko kaleratu dituzte. Eta horietako ia guztietan M-ak taldeko gitarrista izandako Kaki Arkarazo soinu hartzaileak esku hartu du, bosgarren deabru bilakatuta. 1998an taldearen ibilbidea etetea erabaki zuten, bateria jotzaileak kanpora jo zuelako, baina 2007an beste lan batekin itzuli ziren.

Deabruak Teilatuetan Tolosako Bukaera eta Ruido de Rabia musika taldeen entsegu lokalean jaio zen, koadrilako hiru lagunek -Iñigo Arruti (bateria), Imanol Ubeda (gitarra) eta Joni Ubeda (baxua)- lehenengo aldiz musika talde bat sortzea erabaki zutenean. Lehenengo kantuak ia halabeharrez egin zituzten, lagun batek eskatuta. Handik gutxira, Aritz Mendieta (ahotsa) batu zitzaien, eta 1994an Endreduan izeneko maketa kaleratu zuten; oso harrera ona izan zuen. Horrez gain, Tolosako Galtzaundi euskara elkarteak bultzatutako Martxaundi izeneko bi bildumatan esku hartu zuten. Bitartean, kontzertuetan bikain moldatu ziren: taldea indartsu aritzen zen, eta abeslari geldiezinak oso estilo berezia, elektrikoa, erakusten zuen. Era berean, abiadura eta melodia maisuki nahasten ikasi zuten: hardcorearen gordina eta Aritzen ahotsaren melodia.

Maketa atera eta urtebetera, Esan Ozenki diskoetxeak interesa jarri zuen taldean. Kaki Arkarazorekin grabatu zuten Itsumutugor (Esan Ozenki, 1995). Arkarazorekin izandako lehen harremana izan zen. Gainera, Kakik gitarra jo zuen M-ak taldearen "Gasa (opor guztietako zalantza)" bertsioan. Disko horretan, taldea sortu zutenetik bildutako hainbat abesti batu zituzten, tartean maketako batzuk, eta erakutsi zuten doinu gogor eta azkarrak lantzeaz gain, giro goxoek ere lekua zutela beren eskaintzan.

Itsumutugor-ekin tolosarrak emanaldien esprint baten murgildu ziren, diskoak izandako harrera beroari eta Esan Ozenkiren lanari esker. Hala, taldeak hainbeste maite dituen gaztetxe eta areto txikiez gain, agertoki erraldoietan ere aritu behar izan zuen. Esaterako, Oiartzungo Hitz Egin! jaialdi erraldoian eta Esan Ozenkiren 5. urteurrena ospatzeko Bordelen egindako jaian. Horrek guztiak ezagutzera eman zituen, eta 1996an 50 bat kontzertu egin zituzten.

Horren ostean, bigarren diskoa izango zena prestatzen hasi ziren buru-belarri, baina tartean taldekideak hitzak idazterakoan hainbeste inspiratu izan dituen Joseba Sarrionandiaren "Hau da ene ondasun guztia" poema moldatu eta grabatu zuten Euskal Herrian Euskaraz elkarteak bultzatutako bilduma baterako. Horrez gain, Morau bakarlariari lagundu zioten lehenengo diskoa grabatzen.

Zein da zein? (Esan Ozenki, 1997) bigarren diskoan, Kaki Arkarazo taldeko bosgarren kide bihurtu zen, haien esanetan, entseguetara joan zelako kantuak moldatzen lagundu eta aholkuak ematera. Izenburu horrekin, gatazka politikoaren ondorioz Euskal Herrian bizi den paranoia irudikatu nahi izan zuten. Emaitzari dagokionez, Itsumutugor-en ildoari jarraitu zioten: hardcore melodikoaren eragin garbia, pop-rock zipriztinak eta hitz landu eta metaforikoak. Horren barruan, Jose Luis Otamendiren poema musikatu bat eta M-ak taldearen inoiz argitaratu gabeko "Pay your rents", taldekideek asmatutako hitzekin. Sasoi horretarako, Bide Ertzean proiektua martxan jarria zuten Ubeda anaiek, Otamendiren poemak musikatzeko.

Ordurako konturatuak ziren zuzenean askotxo jotzen zutela, eta horren ordez estudioan aritzera zaletu ziren. Horren erakusle da Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan (Esan Ozenki, 1997) bildumarako Alaitz eta Maider bikotearekin elkarlanean egindako kantua, "Kantari noa". Urte berean, Kubara jo zuten bizpahiru kontzertu egitera, eta sasoi hartan Imanol Ubedak Entzun! euskarazko musikari aldizkariko ardura hartu zuen.

1998an, taldearen etenaldia iragarri zuten, Iñigo Arruti bateria jotzailea Bartzelonara ikastera joan zelako. Itxaronaldia goxoagoa egiteko, baina, Deabruak guarda!! (Esan Ozenki, 1998) kaleratu zuten, estudioko abesti argitaragabeekin, zuzenetakoekin, entseguetako grabazioekin eta abar. Gabonetan bi ikuskizun eskaini, eta opor luzeak hartu zituzten, Bide Ertzean taldearekin buru-belarri aritzeko.

Gerora, inoiz Tolosako Bonberenea gaztetxean jotzeko elkartu badira ere, 2007ra arte ez zuen berri askorik eman. Hala, 2007. urtean 1973 (Bonberenea Ekintzak) diskoa kaleratu zuten -diskoaren izenburua taldekideen jaiotze urteari buruzko erreferentzia da-, eta 2008an agertokietara itzuli ziren. Hatortxu Rock jaialdian, Herri Urrats-en, Durangoko Plateruena kafe antzokian, Bonberenea Sutan jaialdian eta hainbat herritako jaietan jo zuen taldeak, besteak beste. 2009an, David Gorospe bateria jotzaileak hainbat kontzertu eman zituen, Iñigo Arrutiren ordez.

Ubeda anaiek eta Gorka Urbizuk badute beste talde bat: Peiremans (gaur egun Colemans+ izena hartu du).

Testua: Iker Barandiaran