A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z #

Ruper Ordorika

CD

Ruper Ordorika
Gaur (Bilbo 1999/12/26 Kafe Antzokia)

Gaur (Bilbo 1999/12/26 Kafe Antzokia)

 

Argitaratua
2000
Formatua
CD
 

Ruper Ordorika (Oñati, Gipuzkoa, 1956) euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk enblematiko eta gorenetakoa da. 80ko hamarkadan Pott literatur taldean ibili zen, Joseba Sarrionandia eta Bernardo Atxagarekin batera besteak beste, eta musika arloan herri kantaren tradizioa eta rock egilearen nortasuna batu ditu, bere erara. 1980. urtetik bere izenean Euskal Herriko zein New Yorkeko musikariekin disko sorta bat grabatzeaz gain, Hiru Truku taldea sortu zuen Joseba Tapia eta Bixente Martinez (Izukaitz, Oskorri) musikariekin, herri kantutegia berritzeko.

Txikitatik musika izan du pasio handiena Ruper Ordorikak. Musika ikasitako senideak zituen etxean, eta gurasoen aldetik "ekimen artistikoarekiko begirunea" jaso zuen. Bateriarekin lehenengo, gitarrarekin ondoren... kantuan geroago hasi zen, Gasteizen. "Maiz esaten dut euskaraz hasi nintzela kantuan zegoen gauza debekatuena zelako. Gasteizen hala zen bereziki. Han bazegoen Bergarako mutil bat Gabon Kanta Sariketa batean parte hartu nahi zuena. Enteratu zen bazela oñatiar bat gitarra jotzen zuena eta eskatu zidan berarekin parte hartzeko. Irabazi egin genuen. Horixe izan zen kantuan jende aurrean egin nuen lehen aldia. Bestalde, Natxo de Felipek ezagutzen zituen nire kantutxoak, eta beti egoten zen nik kantuan atera behar nuela esanez. Modu berean esan behar dut kantuan ingelesez hasi nintzela. Beti ikasten nituen bluesak, rocka... Suertea izan nuen hemen, Oñatin ikusi bainituen banan-banan Benito Lertxundi, Xabier Lete, Mikel Laboa, Ez Dok Amairu banatu eta gero. Benito Lertxundik jo zuen egunean, nik hamabost urte nituela-edo, izan nuen berarekin elkarrizketa bat gerora niretzat garrantzitsua izan dena. Kantutegi zaharrean begiratzeko arau batzuk eman zizkidan. Aurretik eta gaur egun ere hori da nire zaletasunik handienetakoa" (1).

Oñatin jaio arren, Gasteizen hazitako musikaria da Ruper Ordorika. Hara joan zen familia bizitzera, Ruperrek 12 urte zituela. Hortaz, Hautsi da anphora (Xoxoa, 1980) lehen diskoa grabatzeko, Gasteizen ezagututako musikariez inguratu zen: Josu Zabala (Hertzainak), Angel Celada, Xabier Olloki (Potato)... Beste batzuk unibertsitatean ikasten ari zela Bilbon ezagututakoak ziren, Bixente Martinez (Oskorri, Izukaitz) kasu. Ordurako, kultur giroan ezaguna zen Ordorika, bai Gasteizen, bai Bilbon. Hiri horretan, hain zuzen, hainbat idazle gazterekin jarri zen harremanetan, denbora gutxira Pott literatur taldea osatu zutenekin: Bernardo Atxaga, Manu Ertzilla, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandia. Horietako gehienek garrantzi handia izan dute Ordorikaren ibilbidean, Atxagak eta Sarrionandiak batez ere.

Hain zuzen, Atxagaren Etiopia (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen Hautsi da anphora. Euskal kantagintzarentzat une apalak ziren, kantaldi politikoen beherakada zetorren eta artean Rock Radical Vasco delakoa (RRV) azaleratzeke zegoen. Ruper Ordorikaren musika ez zen egokitzen garai hartako ikuspegira, herri kantaren tradizioa eta rocka uztartzen baitzituen poetika hiritar eta moderno batekin. Haatik, diskoak laudorioak jaso zituen kritikarien artean, eta denborarekin euskal kantagintzan ikur bilakatu da. Sustatu.com webguneko erabiltzaileek, euskal diskorik onenen artean, Hautsi da anphora aukeratu zuten bigarren, Hertzainak (Soñua, 1984) lanaren ostean.

Ni ez naiz Noruegako errege (Elkar, 1983) etorri zen ondoren. Aurrekoaren ildo elektro-akustikoan sakondu zuen, baina taldearen soinua eta elkar ulertzea sendotzea ekarri zuen. Disko horretan dago Berandu dabiltza, ziurrenik Ordorikaren abestirik ezagunena dena. Bakarlari oñatiarra lan honetan ausartu zen lehenengo aldiz bere hitzak sartzen, Joseba Sarrionandiak -kartzelan zegoela idatzi zuen Galtzetako koblak-, Joxemari Iturraldek eta Atxagak idatzitakoekin batera.

Denboraldi batez Londresen bizi ostean, Bihotzerreak (Elkar, 1985) kaleratu zuen, eta jarraitzaile gehiago bildu, RRVren unerik indartsuenean. "80an hasi nintzenean, euskaraz egiten ziren kantuen mundua lur jota zegoen (...). Benetan modaz kanpo zegoen esatea kantu bat maite zenuela. Gutxienez rock erradikalekoa izan behar zenuen (...). Jendea aurreko sasoi errebindikatibo eta aski panfletarioaren erreakzio batean zegoen. Ez hemen bakarrik, estatu guztian eta nik esango nuke Europan ere hala zela. Rock erradikalak sekulako bitamina ekarri zion hemen egoerari. Baina aldi berean, mugimendu hori aurrekoaren ukazioan oinarritu zen. Eta hortxe hasi nintzen ni kantuan. Tarte luze batean ez zen egon kantu egilerik, zentzu horretan. Zeuden kantu egileak rock taldeetakoak ziren. Baina zeharo bazterrean utzi zen gitarrarekin irteten zen pertsonaia hori. Sasoi hartan beti taldearekin ibili nintzen. Nahiz eta korronte baten kontra egon naizen, beti izan dut nire entzuleria" (1).

Musikan jarraitu nahi ote zuen zalantzak uxatu ostean, formaz eta interpretazioaz arduratu zen hirugarren diskoan, arlo musikala modu berezian zainduz. Disko horretako hitz guztiak berak idatzitakoak dira. Etenaldia egin zuen disko berrien sorkuntza prozesuari dagokionez, baina kontzertuak emateko aprobetxatu zuen, eta Hertzainak taldearen hirugarren estudioko lanean, Salda badago (Elkar, 1988) diskoan, ekoizle lanetan aritu zen. Segidan, Gasteizko taldea lagundu zuen Europako biran.

1990era arte ez zuen beste diskorik atera, baina ez zen gelditu. Henry Bengoa Inventarium Atxagarekin landutako ikuskizuna taularatu zuen, esaterako. Hurrengo lana, Ez da posible (Gasa-Wea, 1990), Madrilgo diskoetxe batekin argitaratutako lehenengoa izan zen. Rock soinura inoiz baino gehiago hurbildu zen Ordorika lan horretan, eta entzuleria zabalagoa bereganatu zuen, gero eta kontzertu gehiago emanez. Diskoan parte hartutako zenbait musikarirekin (Nando de la Casa, Jose de la Casa eta Javier Antoñana), Mugalaris taldea sortu zuen, eta haiekin grabatu zuen Ruper Ordorika & Mugalaris (Emak Bakia, 1992) disko txikia, Estatu Batuetara sei hilabeterako joan aurretik. New Yorkeko egonaldi hura erabakigarria suertatu zen Ordorikaren ondorengo ibilbidean, inprobisazioaren munduko musikari asko ezagutu eta esperientzia anitz pilatu baitzituen. Aurrerantzean maiz jo du New Yorkeko musikariengana soinu berri baten bila bere diskoetarako.

Lehen urratsa So' ik' so' (Nuevos Medios, 1995) diskoan egin zuen, Ben Monder gitarrista gonbidatuz grabaziora eta euskal musikariekin elkartuz. Aldaketa antzematen zaio soinuan, ehundura berriak lortzeko ahalegina. Hurrengo lanak bide horretan sakontzeko baliatu zituen Ordorikak: Dabilen harria (Nuevos Medios, 1998), Hurrengo goizean (Metak, 2001) eta Kantuok jartzen ditut (Metak, 2003). Hiru diskoak New Yorkeko ospe handiko musikariekin grabatu zituen: Fernando Saunders, Ben Monder, Kenny Wollesen, Skulli Sverrisson eta Jonathan Maron. Tartean lehen zuzeneko diskoa grabatu zuen Bilboko Kafe Antzokian, Ordorika betidanik oso eroso sentitu den aretoan, Mugalaris taldearekin. Bere ibilbideko kantu ezagunenak bildu zituen Gaur (Esan Ozenki, 2000) izeneko lan horretan.

Urte hauetan guztietan Kuban, New Yorken, Galizian, Herrialde Katalanetan, Espainian, Txekian, Ingalaterran eta beste hainbat lekutan aritu da kantari Ruper Ordorika, eta Bernardo Atxagarekin literatura eta musika batzen dituzten emanaldiak egin ditu sarri. Estudioan grabatutako hurrengo diskoa Memoriaren mapan (Elkar, 2006) izan zen. Berriz ere AEBetako musikariekin egindako diskoa izan arren, aurrekoekiko ezberdina da, ahotsa eta gitarra akustikoa baitira kantuen oinarri nagusia. Diskoaren beste berezitasun nagusia hitzetan datza, guztiak Joseba Sarrionandiak lan honetarako beren-beregi idatzitakoak baitira. Kontzertuetan bikote formatuan aurkeztu zuen Ordorikak diskoa, Jon Piris kontrabaxu jotzaileak lagunduta.

Hala ere, diskoaren aurkezpenekin hasi aurretik, 2006ko urrian bi kontzertu eman zituen Bilboko Kafe Antzokian, Mugalaris taldearen azken sei urteetako aroari agur esateko. Bi kontzertuok ekarri zuten Hamar t'erdietan. Zuzenean (Elkar, 2008). Ordorikaren bigarren zuzeneko diskoaren argitalpena bi emanaldietatik aukeratutako sei kanturen irudiak jasotzen dituen DVD batez osaturik heldu zen. Urte berean Mugalaris talde eraberrituarekin itzuli da Ordorika kontzertuetara. Hasier Oleaga (bateria), Fernando Neira (baxua) eta Arkaitz Miner (mandolina, gitarra) dira Mugalaris berriak.

Hiru urte geroago estudiora itzuli zen Ordorika, Haizea Garizumakoa (Elkar, 2009) grabatzeko. Lehen aldiz New Yorken grabatu zuen diskoa, aspaldi lagun bilakaturiko musikariekin: Ben Monder, Skuli Sverrisson eta Kenny Wollesen. Disko honetako hitz eta musika guztiak Ordorikak sortutakoak dira, eta Mikel Laboari eskainitako kantu bat dago, "Sekulabelardiko kantaria".

Hodeien azpian da (Elkar, 2011) Ordorikak orain arte grabatu duen azken diskoa. Hau ere New Yorken grabatu zuen, hango musikariekin, baina Ben Monderren ordez, Stephen Ulrich-ek grabatu zituen gitarra gehienak.

Bakarkako ibilbidearekin batera, Hiru Truku taldea sortu zuen Ordorikak, beste bi musikari handirekin: Bixente Martinez eta Joseba Tapia. Euskal kantu tradizionalen interpretazio berri bat eskaini zuen hirukoteak hiru disko goraipatutan: Mendebaleko euskal baladak (Nuevos Medios, 1994), Mendebaleko euskal kantuak (Nuevos Medios, 1997) eta Nafarroako kantu zaharrak (Metak, 2004).

Testua: Jon Eskisabel

(1) Argia, 1.918. zenbakia, 2003