A | B | C | D | E | F | G | H | I | J | K | L | M | N | O | P | Q | R | S | T | U | V | W | X | Y | Z | # |
EH Sukarra |
CD
|
"Guk musika gogorra jotzen dugu, baina ez gara heavyak, igual kanta batzuetan bai, baina beste batzuetan rock-punkaren antza daukagu: barrenetik irteten zaiguna jotzen dugu" (1). Hala zioen Mikel Gorosabelek 1991n, Euskadi Gazteko lehen maketa lehiaketa irabazi eta sei diskoz, beste hainbeste biraz eta hamaika kontzertuz osaturiko historiaren abiapuntuan. Eta 11 urte geroago, Galtzailearen egunak azken-aurreko lana aurkeztean, abiaburu hartara itzuli ziren, esperientziaz beteak: "Estilo aldetik, atera genuen lehen lanera itzuli gara: rock melodikoa sortu dugu, baina zenbait kantutan hardcorearen ukituak ere suma daitezke" (2). Mikel Gorosabel Norton (ahotsa eta gitarra), Fakun Amador (bateria) eta Cesar Tejada (baxua) izan ziren EH Sukarrako lehen taldekideak, eta aurreneko kontzertua 1990eko uztailean eman zuten Soraluzeko gaztetxean (Gipuzkoa). Su Ta Gar taldearengandik oso gertu egin zituen lehen urratsak EH Sukarrak, bi taldeak Eibarrekoak eta bi kantariak, Aitor eta Mikel, anaiak izanik. 1991n grabatu zuten lehen maketa. Ordurako Marc Remmy March alemaniarra (gitarra) laugarren taldekidea zen. March estudio kooperatiba bateko kidea zen Berlinen, eta haren bidez, Jelly Recordsen egin zuen EH Sukarrak lehen grabaketa, Su Ta Garreko kideak koruetan kolaboratzaile izan zituztelarik. Alemanian grabaturiko lan hark Euskadi Gazteko lehen maketa lehiaketa irabazi zuen, eta horrek ate asko ireki zizkion taldeari. Tartean, Esan Ozenki diskoetxe sortu berriarekin lehen diskoa ateratzeko aukera: 1992an atera zuten taldearen izen bera daraman lana. "Kasko gorriak", "Argi ibili", "E.H. Sukarra" eta beste hainbat kantu indartsu sartu ziren irratietan, eta taberna eta txosnetara zabaldu ziren berehala. Halaber, Itoiz taldearen "Lau teilatu" kantu ezagunaren moldaketa rockeroa nabarmendu zen diskoan. Hurrengo urtean, Irtenbide bakarra (Esan Ozenki, 1993) argitaratu zuten. Kantu gogorragoak, biribilagoak eta landuagoak ekarri zituen disko honek, eta oroz gain, taldeak bizitzarekiko zuen jarrera agertu zuen: "Martxa, dibertsioa, salaketa eta musika azkarra dira guk egiten duguna", zioen Nortonek (3). Rebel rock etiketarekin deskribatzen zuten beraiek egiten zutena: "Rock and rolla eta borroka da. Jotzea, dibertitzea, salatzea... bizi filosofia bat ere izan daiteke" (3). Irtenbide bakarra grabatzeaz amaitu eta berehala Europan barrena bira egin zuten Su Ta Garrekin batera, More Volumen Tour izenekoa. Italian, Austrian eta Alemanian izan ziren. Hirugarren diskoa egiteko lan ildoa apur bat aldatu zuten. Aurrekoetan hitzak azkenerako uzten zituzten, baina hirugarrenetik aurrera hitzei bestelako garrantzia ematen hasi ziren. Hala, aurrerantzean ia taldeko beste bat bihurtuko zen Asier Serrano idazlea, hitzen egilea. Garaien laberintoan diskoan (Esan Ozenki, 1994), Asier Olabarrieta Olaba-k jo zuen gitarra; aurrez hainbat kontzertutan Marchen lekua hartua zuen, eta disko honetatik aurrera taldeko kide bihurtu zen. Ostera ere, Europan barrena aurkeztu zuten diskoa. 1996an lehen disko kontzeptuala egin zuen EH Sukarrak, Ura sutan (iraganaren ispilua urratuz) (Esan Ozenki), Asier Serranoren hitzetatik abiaturik. Hurrengoa, Sua urtzean izango zen (Esan Ozenki, 1999). "Gutun baten formatoa dauka diskoak. Egoerari errepasoa egin, eta gauzak zergatik gertatu diren ikusi dugu aurrera egiteko. Poztasunez azaldu ditugu sentimenduak, negar egin gabe", aurkeztu zuen Serranok diskoa (4). Rock and roll inguruko doinu melodikoez gain, rock gogorreko ukituak eta haize tresnez jantzitako ska doinuak ekarri zituen diskoak. Betagarri taldekoen laguntza izan zuten haize instrumentuen atalean. Galtzailearen egunak (Metak, 2002) diskoak bezala, Sua urtzean-ek CD-ROM interaktibo bat zuen, taldeari buruzko informazio, argazki eta animazioko bideoekin. Galtzailearen egunak diskoarekin abiapuntura itzuli zen EH Sukarra, estilo aldetik, bederen. "Ustezko garaileengandik baino gehiago" galtzaileengandik ikas zitekeela aldarrikatzen zuen EH Sukarraren azken-aurreko diskoak. Gaurkoz, EH Sukarraren azken argitalpena zuzeneko lana da: EH Sukarra zuzenean (Barne Records, 2008). Taldearen ibilbide osoa laburbiltzen duten 21 abestiz osaturiko diskoa 2007ko maiatzaren 11n grabatu zuten Durangoko Plateruena kafe antzokian. Disko honen aurkezpen lanak egiteko, ostera ere, eta aspaldiko partez, Berlindik barrena bira bat egin zuen taldeak 2008ko udaberrian. Testua: Ainara Gorostizu |