A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z #

Delirium Tremens

CD

Delirium Tremens
Bilbo Zuzenean 91-5-24

Bilbo Zuzenean 91-5-24

 

Argitaratua
1991
Formatua
CD
 

Euskal rockaren bigarren kolpearekin batera 1985. urtean Mutrikun (Gipuzkoa) sorturiko taldea da Delirium Tremens. Hiruko gisa abiatu zuen ibilbidea, baina Iñigo Muguruza (Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi) batu ostean laukote bihurtu, eta horrela jarraitu zuen 1991 arte, desegin arte. Andoni Basterretxea kantariaren ahots urratuak, gitarra jotzeko era bereziak eta kresal usaineko hitzek nortasun berezkoa eman zioten Delirium Tremensen musikari.

 

Delirium Tremens taldea horrela zegoen osatua hasieran: Andoni Basterretxea (ahotsa eta gitarra), Juan Jose Iurrita Txufu (bateria) eta Javier Bilbatua Billy (baxua). Denbora pasa ahala, baxularia aldatzea suertatu zen eta beste gitarrista batek bandaren soinua indartu zuen.

Zarrapo taldearekin erdi bana eginiko diskoak ekarri zuen Delirium Tremensen estreinaldia, biniloari dagokionez, 1987. urtean. Aurretik, maketa itxurako bi grabazio egin zituen hirukoteak, eta bertan agertutako kantu batzuk hurrengo grabazioetan ere sartu zituzten. Hemen denak berdinak dira deituriko diskoak Oihuka diskoetxeren zigilua eraman zuen. Garai horretan arrunt ohikoa zen bi taldek edo gehiagok partekaturiko biniloak (split LPak) argitaratzea. Kasu honetan, seina kantu grabatu zituzten Zarrapok eta Delirium Tremensek. Iruñeko taldea zen Zarrapo, eta rock kaletarra jorratzen zuen. Diskoa argitaratu eta gutxira desegin zen."Ezin leike", "Batzuetan" eta "Sua" kantuak nabarmendu ziren.

Delirium Tremensek, aldiz, aurrera jarraitu zuen, eta laster iritsi zen taldearen iraupen luzeko lehen lana. 1989. urtean Lasarte-Orian (Gipuzkoa) Elkar diskoetxeak zituen estudioetan sartu eta, Jean Phocas teknikariaren gidaritzapean, Ikusi eta ikasi (Oihuka, 1989) grabatu zuten, hamar kantuz osaturiko lana. Diskoa grabatzera sartu baino lehen, Javier Bilbatuak taldea utzi zuen, eta Patxi Irisarrik ordezkatu zuen. Diskoaren kredituetan Irisarri agertu arren, baxua grabatzeko ardura Andoni Basterretxeak eta Mikel Irazokik (M-ak, Bizkar Hezurra...) hartu zuten. Aurreko lanetan baino kantu borobilagoak eta landuagoak bildu zituzten disko horretan, baina hasierako freskotasunari eta izaerari eutsi zien taldeak. Arrakasta handia izan zuen diskoak, besteak beste "Laino ilunak", "Boga boga", "Kaixo" eta "Ikusi" kantuei esker. Hirukoteak grabatu zuen arren, ordurako taldeak gitarrista bat gehiago zuen: Iñigo Muguruza (Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi).

Hiru aeroplano (Oihuka, 1990) izan zen taldeak estudioan grabatutako bigarren eta azken lana. Iñigo Muguruzaren parte-hartzeak abestiak jantzi zituen eta, halabeharrez, disko gitarreroago bat aurkeztu zuten mutrikuarrek. Jabier Muguruzak jo zuen akordeoia diskoari izena ematen zion kantu dibertigarrian, eta ekoizpen lanetan, berriz, Kaki Arkarazo aritu zen. Hamar kantuetatik bat, "Ametsetan", AC/DC taldearen "Walk all over you" abestiaren moldaketa zen. Kritika bikainak jaso zituzten prentsa musikalaren eskutik, eta taldearen sona areagotu egin zen. Delirium Tremensen musika gogortzen ari zela igarri zen kontzertuetan. Agertokian sendotasuna irabazi zuten heinean, ikusle kopurua ere handitu zen. Zenbaitzuek Kortatu taldearen oinordekoa zela esan zuten Irungo taldea desegin ondoren.

Taldeak abiada hartu zuen eta zuzenean grabatutako disko txiki bat jarri zuten salgai. Single bikoitza izan zen, bi kantu zahar eta bi berriz osatua, binilo eta kasete formatuetan argitaratua, eta zeresan handia eman zuen diseinu lanak lagunduta. Esan Ozenki diskoetxe jaio berriaren babesean kaleratu zuten. Hilabete batzuk geroago, kontzertu bereko grabazio luzeagoa argitaratu zuten Bilbo zuzenean 91-5-24 diskoan (Esan Ozenki, 1991). Delirium Tremensek zuzenean eskaintzen zuenaren isla zintzoa zen.

Estudioko azken diskoa grabatu aurretik, Txerokee. Mikel Laboaren kantak diskoan hartu zuten parte, kantari donostiarraren "Baztan" kantua bere eginez. Alderantziz, ugariak izan dira urteetan Delirium Tremens taldearen kantuen moldaketak. Eraso! ("Ikusi"), Venereal Disease ("Kaixo") eta Negu Gorriak ("Kaixo") dira mutrikuarren kanturen bat hartu duten taldeetako batzuk.

Delirium Tremens desegiteko arrazoi nagusia Txufo bateria jotzaileak taldea uzteko hartutako erabakia izan zen. Betiko taldekideekin ez bazen taldeak aurrera jarraitzea zentzurik ez zuela adierazi zuen Andoni Basterretxeak. "Delirium taldea zerbait bazen, musika egiteko elkartzen zen lagun talde bat zen" (1).

Sei urteko ibilbidean, kontzertu gogoangarri ugari eman zituen Delirium Tremensek. Kortaturen Azken guda dantza zuzeneko diskoa grabatu zen kontzertua irekitzeko ohorea izan zuen, esaterako, 1988. urtean. Mutrikuko Venecia aretoan eman zuen azken kontzertua, sarrera guztiak agorturik zeudela, 1991ko azaroaren 27an.

Delirium utzi eta urte gutxira, Futs Indar sortu zuen Andoni Basterretxeak. Bi kantu grabatu zituen -"Ez esan bai", IKAratu beldurrik gabe bildumarako (IKA, 1993), eta "Alperrik", Ikastola berria eraik dezagun Zuberoan lanerako (Esan Ozenki, 1997) diskorako- eta kontzertu bakan batzuk eman. Horrez gain, kolaborazio lanak egin ditu Joxe Ripiau eta Sagarroi taldeentzat, besteak beste.

Testua: Koldo Otamendi

  • (1) Euskaldunon Egunkaria, 1992ko martxoaren 12a